XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala ere, Konstituzioaren aldetik begiraturik, oinarrizko eskubideen kontzeptua da egokiena.

Kontzeptu horren barruan sar daitezke Lehen Tituluan sagaraturik dauden eskubide-kategoria desberdinak.

Bestalde oinarrizko eskubideak esamoldeak eskubide horiek daukaten izaera berezia adierazteko balio du: ordenamenduaren elementu oinarrizko eta garai bezala horrek daukan kontsiderazioa, beste eskubide subjektibo guztiek daukaten izaera arruntaren aurrean.

Horregatik erabiltzen da oinarrizko hitza, azpimarratu egiten baitu ordenamenduaren oinarrizko arauan integraturik dauden eskubideen izaera konstituzionala.

Zernahi dela ere, oinarrizko eskubideak deitura bera ere nahiko ekibokoa izan daiteke, bi adieratan erabiltzen da eta.

Esanahi zabal eta teknikoki hain zehatza ez den batean, ondasun juridiko jakin bati lerruna ematen dioten Lehen Tituluko arau material guztiak sar daitezke oinarrizko eskubideak deituraren azpian; ikuspuntu honetatik, Lehen Tituluko aurren hiru atalburuek oinarrizko eskubideak aitortzen dituzte.

Bigarren esanahi, hertsiago eta teknikoki zuzenago, batean, Lehen Tituluko eskubideak ez dira denak oinarrizko eskubideak

Kategoria horretatik kendu beharra dago Hirugarren Atalburu osoa, zeinak, bere izendapenak berak dioenez (Politika sozial eta ekonomikoa gidatzen duten printzipioak), printzipio gidariak bakarrik aitortzen baititu eta ez benetako eskubide subjektiborik.

Beste era batera esanda, printzipio gidariek, berenez bakarrik, ez diote egikaritzeko moduko eskubiderik ematen indibiduoari; botere publikoarentzat egindako arauak dira hauek, dimentsio subjektibo autonomorik gabekoak.

Lehen Atalburuari dagokionez, aurretiaz esan den bezala, benetan hor ez da oinarrizko eskubiderik erregulatzen, baizik eta eskubideok egikaritzeko baldintzak arautzen dira; hala ere, lehendik ere esana dugu, ezen oinarrizko eskubideak egikaritzeko baldintza horietako batzuk, izan, benetako eskubide subjektibo direla (asilo-eskubidea, kasu).

Hortik atera daitekeen konklusioa da, beraz. KEko 14 eta 38 art.etan aitortzen diren eskubideak bakarrik kalifika daitezkeela hertsiki oinarrizko eskubide bezala, nahiz eta terminologia hau, batzuetan eta teknikoki oker bada ere, printzipio gidariei ere aplikatzen zaien.

Guztiarekin ere, eta bestalde, gogotan eduki behar da, ezen aipatu manamendu horietako edukin guztiek ez dituztela oinarrizko eskubideak jasotzen.

Pertsonaren ahalmen subjektiboak aitortzearekin batera, badira beste arau batzuk ere propioki oinarrizko eskubiderik aitortzen ez dutenak baizik eta eskubideon erregulazioari erregela osagarri batzuk ezartzen dizkiotenak.

Adibidez, arau batzuek manamenduak ematen dizkiote legegileari (KEko 20.3 art.ak, adibidez); beste batzuek garantia erakundetarrak arautzen dituzte, ordenamenduan erakunde jakin baten existentzia eta errekonozimendua segurtatuz (KEko 36 art.ak, besteak beste).